Herriak hitza eman du

NO al PGOU! Eraikuntza masiboari EZ!

2009/07/01

Alegazioen epea uztailaren 20rarte luzatu du Udalak


HAPOa plenoan behin-behinean onartu eta gero Udalak legeak ezartzen dion gutxieneko epea martxan jarri zuen alegazioetarako: hilabete eskas bat. Lurzoruaren legeak gutxienezko epea hilabete batekoa dela esaten du, baina horrek ez du esan nahi gutxienekoa derrigorrez ezarri behar denik. Beste behin ere, Udalaren jarrera agerian geratu da.

Legeak aitortzen dizkion gutxienekoekin jarraituz, Udalak "informatzeko helburuarekin" herri partaidetzarako sasibatzar bat deitu zuen Kultur Etxean. Planaren nondik norakoak gainetik azaldu eta gero, argi geratu zen bertan bildutako auzokideen gehiengoak ez zeukala oso argi zeintzuk ziren HAPOak ekarriko zituen ondorioak. Gainera, auzokide ugarik, Berango Eraikitzen herri plataformako kideak tarteko, alegazioen epea luzatzea eskatu zioten alkateari. Era berean, auzokideen gehiengoak gure herria txikituko duen proiektuarekin bat egiten ez duela argi geratu zen.

Planari buruzko ezjakintasun hori kontuan hartuta, Berango Eraikitzen-etik alegazioen epea handitzeko sinadura bilketa hasi genuen. Asteburu bakar batean 175 sinadura baino gehiago bildu genituen, eta Udalari helarazi genizkion.

Herritarren presioari erantzunez, Udalak epea 20 egunetan luzatzea adostu zuen. Berango Eraikitzenetik argi adierazi nahi dugu luzapen hau ez zaigula nahiko iruditzen, Udalaren aurpegia zuritzea helburu duelako. Herritarrek eta batik bat zuzenean kaltetutako auzokideek informazio falta handia izaten jarraitzen dute, eta 20 egunetan egoerak ez da asko hobetuko (uda hasieran gaudela kontuan hartuta, hau ere ez da kasualitatea).

Beraz, Udalari epea gehiago luzatzea eskatzen diogu Berango Eraikitzenetik, herritarrek alegazioak prestatzeko denbora izan dezaten eta behar bezala informatzeko aukera izan dezaten. Gainera, HAPOko dokumentazio guztia gaztelania hutsean idatzia dago, Berangoko euskaldunen hizkuntz eskubideak urratuz.
Bide batez, eskerrak eman nahi diegu Berangoko herritarrei emandako babesagatik. Denon artean gure herria gris bihurtu nahi duen HAPOa gelditzea lortuko dugu!

No hay comentarios:

Publicar un comentario