Herriak hitza eman du

NO al PGOU! Eraikuntza masiboari EZ!

2010/07/21

Jaiak herritik herriarentzat

Berango Eraikitzen Herri Plataformak, herriko eragile kultural gehienekin batera, Berangoko Udalak Jai Batzordea disolbatzeko hartutako erabakia salatu nahi du. Hauxe da herriko elkarteok adostu dugun manifestua:

Dena herriarentzat, baina herririk gabe

Despotismo ilustratuaren garaiko adierazlea den aurreko esaldi ospetsua, egunez egun praktikara eramaten du Berangon Anabel Landa alkateak.

Alkatetzara ailegatu zenean bere asmoa herritarren parte-hartzea areagotzea zela esan bazuen ere, praktikan, bere jarrera bestelakoa izan da. Azken 3 urteetan, herriko auzokideak kudeaketa esparru guztietatik kanpo uzteko asmoa erakutsi du.

Azken bi urteetan, Udala Jai Batzordea kontrolpean mantentzen saiatu da. Landa anderea alkatetzara heldu aurretik, herriko elkarteak eta auzokideak ginen jaietako egitaraua diseinatzen genuenak. Baina alkatea Jai Batzordean alkate gisa parte hartzen hasi zenetik, gustuko ez zituen erabakietan bere betoa inposatu du.

Azkenean, urte batetik bestera, bere kabuz, aldebakarrez, Jai Batzorde Herrikoia disolbatzea erabaki du. Herriko jaien antolaketaz Udala arduratuko zela jakinarazi zigun elkarteei maiatzaren erdialdean, gutun bidez. Ekintzak proposatzeko, baina, hiru asteko epea zabaldu zuen. Zorionekoak gu zure eskuzabaltasunagatik, Anabel!

Salatzekoa da Udalak jai Batzordea desagerrarazteko ahalmena izatea eta inolako azalpenik ez ematea hura osatzen duten elkarteei, eta noski, herriko auzokide guztiei. Zein da erabaki honen atzean ezkutatzen dena? Udalak argi utzi du zein den bultzatzen duen jai-eredua: elkarte eta auzokideen parte-hartzerik gabeko jai instituzionalak, azpikontratatutako enpresen eskura egindakoak, kolore gris uniformez margotutakoak.

Hala ere, Berangoko kasua ez da bakarra. Gero eta gehiago dira Jai Batzorde Herrikoei jartzen zaizkien trabak. Baina zorionez, oztopoak oztopo, egunez egun harri horiek paretik kentzeko eta aurrera egiteko gai direnak ere badira. Zentzu honetan gure babesik beroena Euskal Herriko Jai Batzordeen I. Kongresutik sortu berri den jai herrikoien sareari.

Auzokideak baitira jaien protagonistak, jaiei zilegitasuna ematen dietenak, gris uniformea hamaika koloretan bihurtzen dutenak. Horregatik, aurrerantzean, Berangon ildo honetatik lanean jarraituko dugula argi utzi nahi dugu. Ilusio, umore, elkartasun, irudimen eta parte-hartzerik gabeko jaiak nekez ulertu ditzakegulako. Jaiak herritik, herriarentzat!


Sinatzaileak: Berango-Merana ikastetxeko Ikasleen Guraso Elkartea, Ariku Kultur Elkartea, Sei Herri Kultur Elkartea, Txoke!, Gorosti Naturzale Elkartea, Adagio ballet elkartea, Ehiza elkartea, Torrekolanda Herri Kirol taldea, Emakumearen kultur elkartea, Zutik eskupilota elkartea eta Berango Eraikitzen Herri Plataforma.

Bestalde, jakinarazi nahi dizuegu heltzear diren Santa Anako jaietan postutxoa jarriko dugula, eta herri plataformaren kamisetak erosteko aukera izango duzuela, 9 euroren truke. Herriari hitza! Kostruziño masiboari ez! Ondo pasa jaietan!

2010/07/16

Eraikuntza masiboari ez!!!


Berangoko auzokideoi,

Idatzi honen bitartez, Berango Eraikitzen herri plataformak udalak behin-behinean onartutako HAPOaren aurkako iritzia erakutsi nahi du.

Arrazoiak ugariak izanik, hiru ardatz nagusi nabarmentzearen beharra ikusi dugu:

1.) Berangok jasan ezin izango duen eraikuntza masiboa pairatuko du, HAPO honek aurrera jarraituz gero.
a. Eraikuntza masibo honek, espekulazioa du ardatz nagusi eta ez herriko jendearen (batik bat, gazteen) etxebizitza lortzeko arazoak konpontzea.
b. Berangok ez du azpiegitura nahikorik 2321 etxebizitza berri jasateko.
c. Herri nortasuna eta historia galduko dugu.
2.) Non demontre dago kiroldegia? Urteak dira kiroldegia aurreikusita dagoela. Eraikuntza berriaren beharra aitzakitzat jartzen dute kiroldegia finantziatzeko... Kiroldegia eraikita egon beharko litzateke jada, NON dago gure dirua? Tontotzat hartzen al gaituzte?
3.) Udalak muzin egiten dio auzokideen hitzari. Udal taldeek ez dute herriaren hitza errespetatzen. Horrenbeste “demokrazia” baldin badago, zergatik ez dute Herri Galdeketa egiten?

NON DAGO alkate andereak eta bere laguntxoek goraipatzen duten herritar eta udalaren arteko komunikazioa? Zeren beldur dira?

2011ko UDAL HAUTESKUNDEAK HURBILTZEAN bakarrik entzungo al gaituzte???

HERRIAREN ALDE ARITU EZEAN, DIMISIOA AURKEZTU DEZATELA!!

DIRUZALEKERIAZ eta LOTSAGABEKERIAZ beteta daude herri honetako politiko GUZTI-GUZTIAK!!!

Ez diezaiegun utzi udal karguei tontotzat har gaitzaten!!

Gure iritzia kontutan hartzekoa da, bai ala bai!
Berangotar guztien artean herri eredu berri bat eraiki dezagun!