Herriak hitza eman du

NO al PGOU! Eraikuntza masiboari EZ!

2011/02/11

Udalak onartutako HAPOren aurkako iritzia, ezjakintasuna eta partehartze falta agerian utzi dute jasotako inkestek

Auzokideen iritzia modu zuzenean ezagutzeko helburuarekin, abenduan Udalak onartutako Hirigintza Antolamendurako Plangintza Orokorraren (HAPO) inguruko galdetegia herritarren artean banatu genuen Berango Eraikitzen plataformako kideok. 100 familia baino gehiagok erantzun dute inkesta, eta jasotako emaitzak esanguratsuak dira: herritarren gehiengoak ez du Plana ezagutzen, bere iritzia ez dela kontuan hartu uste du eta HAPOren edukia oso modu negatiboan baloratzen du.

Jasotako erantzunen arabera, herritarren %81,48-k uste du Udalak ez duela herritarren artean partehartzea sustatu HAPO onartzerako orduan. %8,33-k, ordea, ez du gaiaren inguruko iritzirik eman, eta hamar berangoztarretik bakarrak uste du aipatutako partehartzea sustatu dela.

Euren iritzia zuzenean kontuan eduki al den galdetuta, aldiz, ezezko erantzuna are zabalagoa izan da (%86,11). Udalak bere iritzia kontuan eduki duela baieztatzen dutenak ez dira %3ra ailegatzen (%2,78), eta gainontzekoek (%11,11) ez dute erantzunik ematen.

HAPOk hurrengo urteetan Berangoko hirigintza-antolamendu osoa kudeatuko duen arren, inkestatuen %53,7 ez daki Plana tramitatzen ari denik, eta hamar auzokidetik bakarrak ezagutzen du.

Lehen aipatu dugun legez, herritarren gehiengoak ez du HAPOren nondik norakoak ezagutzen. Eta ezagutzen dutenen artean, gehiengoa (%70,73) bere edukien aurka agertzen da. Modu positiboan herritarren %7,32-k bakarrik baloratzen du, eta gainontzekoek (hamar berangoztarretik bik) ez dute erantzuten.

Planaren edukiari dagokionez, galdetu diren atal guztiek auzokideen balorazio kaskarra jaso dute. 2321 etxebizitzen eraikuntzak, HAPOren ardatz nagusia hain zuzen, 3,1-eko batazbestekoa jaso du, 1etik 10era arteko eskalan. Metroko proiektu berriak (lurazpiko igerilekua eta padel pistak, 20 milioi euroko aurrekontua duena) 2,78-ko kalifikazioa lortu du. Era berean, Lantzarteko landan etxebizitzak eraikitzearen aurka ere agertu da berangoztarren gehiengoa: 2,14-koa da jaso duen batazbestekoa.

Hemendik zortzi urtera etxebizitza bakoitzean bizi diren pertsonetatik, batazbeste pertsona bakarra baino gutxiagok aurreikusten du etxebizitza berriaren beharra (0,78 pertsona/etxebizitza bakoitzeko). Horien artean, euren beharrizanetara hoberen egokitzen dena babes ofizialekoa dugu (%45,88). Azpimarratu beharrekoa da tipologia hau dela azken urteetan gure herrian gehien bultzatu den eredua. Horrenbestez, oso adierazgarria egiten zaigu %25 baino gehiagok alokairu publikoa aukeratu izana. Alokairu pribatuak ere (%8,23) gorakada izan du, publikoaren hazkundea adierazgarriagoa den arren. Azkenik, tasatua (%10,56) eta librea (%9,41) ditugu.

Egun Berangon eskaintzen diren zerbitzuek ere lortu dute, orokorrean, nota kaskarra. Osasun zerbitzua da notarik onena lortu duena (6,19), kultur-eskaintza jarraian duelarik (5,16). Hezkuntza eta garraioa gutxigatik ez dira 5era ailegatzen, 4,94 eta 4,77 lortzen baitute, hurrenez hurren. Kirol zerbitzua da zalantzarik gabe notarik txarrena eskuratzen duena (2,22).

Partehartzearen adibide argia
Aurretik aipatu dugun bezala, Berango Eraikitzenek jaso dituen inkestak ehunetik gora izan dira, Udalak oztopoak jarri zituen arren (galdetegiak jasotzeko Kultur Etxeen erabilera ukatu zigun). Herri plataforma izan da, hain zuzen, Udalaren lana egin behar izan duena: hots, herritarrei galdetu zer uste duten HAPOri buruz, zeintzuk diren euren benetazko beharrizanak, nola eraiki nahi duten euren herria... Ehun familia baino gehiagok erakutsi duten interesak, gainera, agerian uzten du berangoztarrok gure herriko HAPOren idazketan partehartzeko prest gaudela. Udala da auzokideen partehartzea ukatzen duena.

Eta jasotako erantzunek ere beste ondorio bat uzten dute agerian: Udala eta herritarren artean urruntasun nabarmena dago. Herritarren gehiengoa Planaren aurka agertu da: Udalak bultzatzen duen herri-eredua, etxebizitzen kopurua, euren tipologia, metro eta igerilekuaren proiektua... Planaren atal guztiei uko egin diete berangoztarrek. Horregatik Udalak ez die herritarrei galdetzen benetan zer uste duten Planari buruz?

Berango Eraikitzenetik, inkestan parte hartu duten berangoztar guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Inkestak jasotzeko epea bukatu den arren, Berango Eraikitzeneko kideok iritzi eta ekarpen gehiago jasotzeko prest jarraitzen dugu. Denon artean herriaren nahia bete eta HAPO gelditzea lortuko dugulako.

Eskerrik asko eta aurrera!

No hay comentarios:

Publicar un comentario