Herriak hitza eman du

NO al PGOU! Eraikuntza masiboari EZ!

2011/03/14

Proiektu txikitzaileen aurkako martxa, apirilaren 2an eta 3an!

'Bizkaia Benetan Maite' Koordinadora sortu berriak antolatuta, apirilaren 2an eta 3an Bizkaiko proiektu txikitzaileen aurkako martxa izango da Uribe Kostatik, Ezkerraldetik eta Meatzaldetik. Uribe Kostako eta Bizkaiko beste hainbat eragilek lez, Berango Eraikitzen Herri Plataformak bat egiten du deialdiagaz. Izan ere, Berangoko HAPO bezala, beste herri batzuetan ere hamaika txikizio bultzatu dituzte, eredu desarrollista berdina jarraituz: Lurralde Zatiko Planak, AHT, Supersur, zentral termikoak, korredoreak e.a.
Hauek dira martxaren nondik norakoak:

Martxoaren 26an, larunbata, Armintzan egingo dugu bat 11:15etan. Bertan prentsaurrekoa egongo da, martxaren aurkezpen modura. Gero Lemoizera joango gara eta Talaia kolektiboak Lemoizeko zentral nuklearraren kontrako borrokak zer ekarri zuen gogoraraziko digu, gaur egun zentralak bizi duen egoera eta etorkizunean etor litezkeen proiektuak aztertuz. Azkenik, Armintzara bueltatu eta musika eta pintxoak izango ditugu, goiza alaituz.

Martxa apirilaren 2an hasiko da eta eskumaldeko kostaldea zeharkatuko du, Plentziatik Lamiakora. Ondoren Bizkaiko zubia gurutzatu eta Santurtziko La Kelo gaztetxean egingo dugu lo. Apirilaren 3an, martxak Meatzaldetik jarraituko du, Muskizen amaitu eta Petronorreko Coke plantaren eta hondartzaren dragaren kontra ari den herri mugimenduarekin bat egiteko.
Berangon, apirilaren 2an, berangoztar guztiak elkarrekin joateko hitzordua jarri dugu:
Apirilaren 2an, goizeko 8:45etan, Berangoko metro geltokiaren aurrean, bertan metroa hartu eta Plentziara joateko.

Era berean, hauxe da Bizkaia Benetan Maiteren MANIFESTUA:

“Bizkaia maite”, Foru Aldundiaren leloak, gure paraje berde eta kostalde paregabearen irudia aurkezten digu. Bitartean, instituzio honek babestu eta bultzatzen dituen makroproiektuek (supersurra, AHT, goi-tentsio lineak, gero eta instalazio gehiago dituzten Petronor, Boroa, Bahía Bizkaia edo Zabalgarbi bezalako industria kutsatzaileak, erraustegiak, makrodepuradorak, superportua, La Arenako hondartzako are lapurreta…) gure geografiaren bazter guztiak hondatzen dituzte, urritzen eta txikitzen ari den gure inguru naturalaren etorkizuna hipotekatuz. Eta dena helburu bakarrari erantzunez: kapital handiaren eta politikari ustelen epe laburreko irabazia.

Proiektu guztiek garapenari buruz, lana sortzeaz hitz egiten dute, baina ez da egia: langabezia hazten ari da, boteretsuenen interes ekonomikoek zor pertsonal eta kolektiboen zurrunbilora bultzatzen gaituzte, lurraren, uraren eta airearen kutsaduraren ondorioz, gure osasunak okerrera egiten duen bitartean.

Gure kontura antolatzen ari diren aurreranzko ihes zoro honek, gure etorkizuna ez ezik, gure hurrengo belaunaldien etorkizuna ere ari da hipotekatzen. Gauzak horrela jarraituz gero, erlauntz urbano erraldoietan bizi beharko dute, aisialdi birtualaren morroi eta autopistaz inguratuta.

Inoiz ez dugu horrenbeste ekologia hitza entzun, baina inoiz ez da horrenbeste hondatu, horren azkar eta goseti kontsumitu. “Garapen” mugagabe eta geldiezinaren sostengarritasuna mitoa da, balazta zapaltzea irmo eskatu behar dugu, gure osasun eta ingurumenaren babesa lehenetsi behar dugu.

Iraila hasieratik, lurraren defentsan dihardugun zenbait talde biltzen hasi gara, Bizkaia pairatzen ari den hondamenari kolektiboki aurre egiteko beharrak bultzatuta. Bi oinarri basiko eta komunek elkartzen gaituzte:

1. Ingurumena erasotzen duten makroproiektuak gelditzearen beharra.
2. Makroproiektu hauek kokatzen diren herrien erabakitze eskubidearen
defentsa eta Bizkaia nolakoa izango den erabakitzeko herritar guztion eskubidea.
Animatu eta martxan ikusiko dugu elkar!


No hay comentarios:

Publicar un comentario